ESKOLAKO LEHEN EGUNA
Oporraldien amaierak eta eguneroko bizimodura itzultzeak ez du helduengan bakarrik eragina: haurrak ere bizipen latza nozitzen du eskolara itzuli behar horrekin. Oporraldien ondoren ikasgelan sartzeak egokipen alorreko arazoak eragiten dizkie mutiko-neskatoei. Eskola eta ikasketa erritmoa berreskuratzea, txikienek eta, noski, eskolara lehen aldiz hurbilduko direnek bereziki, ikasturteko ikasgai zailena dute. Formula magikorik ez badago ere, "itzulera operazio" berezi hori leundu egin daiteke.
AURRETIAZKO PRESTAKETA
-
Ulertzeko gauza bada, irakur iezazkiozu ipuinak: eskolan hasten diren haurrez, lanera doazen eta arratsaldean lana amaitutakoan umeen bila ostera datozen aita-amez, haurtzaindegi edo eskolako jarduerez..
-
Konta iezazkiozu zeure haurtzaroko bizipenak. Horiek  gogora ekarri eta berarenekin lotzean, ingurune berrian lasaiago sentituko da.
-
Azal iezaiozu zehatz-mehatz eskolako lehen egun horretan zer ezagutuko duen, zer biziko duen..
-
Emaiozu bidea haurrari bere beldur, kezka edo beharrak azal ditzan.
-
Eskolara joatea betebeharreko eta pribilegio gisa aurkeztu behar diozu, adibidez: "Zuk bai zorionekoa, orain eskolara zoazena!". Ez ibili mehatxuka, "Ikusiko duzu, eskolara joatean" e.a: horrela, ikastetxea desatsegin eta kaltegarritzat joko baitu.
-
Eskolara egin baino egun batzuk lehenago, ahal den neurrian, has zaitez bizimodu berrian ohikoak izango duen ordutegi berrira egokitzen: jaikitzeko, bazkaltzeko, siesta egiteko, bainatzeko eta gainerako orduak finkatzen.
-
Presta ezazu haurrarekin ikasturte berrian beharrezkoa izango duen material guztia. Erabili esku artean seme-alabarekin testu-liburu edo tresna berriak, txikia ohi dadin eta erabiltzeko interesa piztu dakion.
LEHEN EGUNA
-
Lehen eskola egunean aita edota ama umearekin joateak garrantzi handia du. Egun alaia izan dadin ahaleginak egin behar dira.
-
Ikastetxe berrian lehen eguna baldin badu, saia zaitez goiz iristen, zure haurra lehenetako bat izan dadin. Horrela ikaskideak etortzean ikusiko ditu, bere burua ez du behaturik sentituko.
-
Ager ezazu poza: hark negar edo tristura zantzorik ikusten badizu, baliteke mesfidantza eta abandonatze sentsazioa sortzea, parte ez den toki batean utzi duzula pentsatuko du.
-
Ez luzatu banantzeko unea. Izan zaitez adeitsu, maitekor, baina gehiegi gabe, labur. Umeak negar edo oihu egiten badu ere, agurrak azkarra izan behar du, dramarik gabea: bestela, kasketaz baliatzen ikasiko du, eskolara geroago sartzeko amorru gisa.
-
Ez agindu beteko ez duzun ezer ere, hala nola: "Autoa aparkatu eta oraintxe nator zurekin". Umeak bere burua engainaturik ikusten badu nekezago izango du zugan konfiantzarik.
-
Jasotzeko orduan izan zaitez puntual. Umeak bere burua abandonatua senti dezake, ikaskideen gurasoak seme-alaben bila datozkiela ikustean.
-
Negar egitearen ondorioz begiak gorriturik atzematen badizkiozu, ez egin inongo iruzkinik errukitzeko: horrela gauza bakarra lortuko duzu, eskolan ere negarrez aritzea, aita edo ama salbatzailearen etorreraren zain.
-
Hitz egin berarekin ongi-ongi portatu dela badakizulakoan eta eskolara joan izanaren abantailak azpimarratuz, berak daukanpribilegioa balitz bezala.
ERRUTINA EGOKIPEAN
-
Probestu uda parteko asteburuak seme-alabekin gauza atseginak eginez gozatzeko. Antola itzazu aisialdiko jarduerak, ez hautsi bat-batean oporretako errutina.
-
Hasieran negar egitea ohiko kontua bada ere, jardun ezazu harremanetan irakasleekin egokipen-epea nola garatzen ari den jakiteko: haurrak jardueretan esku hartzen duen eta, oro har, egokiro integratzen ari den. Ongi egokitu ezean, zuk lagundu beharko duzu hori lortzeko formula aproposa bilatzen. Haur batzuek hiruhileko osoa behar izaten dute bizimodu berrian egokitzeko.
-
Egokipen-epea gainditu bitartean, eskolara joate hori errutina huts bihur dadin komeni da: prestaketa berberak, iristeko eta abiatzeko ordu berberak e.a..
-
Egokipen-epean ahaleginak egin behar dituzue haurra egunero eramateko. Eskolara joateari ez dio utzi behar, salbuespen gisa izan ezik, egokipena luzatu egin daiteke-eta.
-
Saia zaitez eskolako kideren batekin harremanetan jardun dadin eskola-ordutegiz kanpo. Eskolako lagunak beste hainbat tokitan (jolas parkean, etxean, etab.) ikusteak eskolan ere beraiekin izateko nahikundea areagotuko dio.
-
Aurreneko egunetan eskain iezaiozu ahal duzun denbora guztia; arratsaldean presta ezazu biharamuneko itzulera, goizeroko atsekabe bihur ez dadin.
-
Ohera ezazu goiz, nekatua dagoen haurrak jokabide-arazo eta egokitzeko zailtasun gehiago izango ditu.
-
Iratzar eta jaiki ezazu behar bezain aurretik: goizean denboraz eskas ibiltzeak urduritasuna sortuko dio. Are eta latzagoa umore txarrez esnatzen den horietakoa baldin bada.
-
Erakuts ezazu interesa hark eginiko aurrerapenez. Egiezu galde eskolaz giroa lasaitu denean, gauean, bainuan e.a., hitz egitera behartu gabe.
|