|
CEP Catalina de Erauso LHIHAUR ETA LEHEN HEZKUNTZACatalina de Erauso, 8 (20.010 Donostia - San Sebastián) Tel/Fax: 943469825 |
||
LOA Haurtzaroan oso ohikoa da lo egiteko arazoak agertzea aldiren batean; haur gehienek izaten dituzte halako gorabeherak, eta gurasoak larritu egiten dira. Loaren arazorik ohizkoenak Bruxismoa:Guraso batzuk kezkatuta izaten dira umeak lotan diren artean "haginak karraskatzea" edo bruxismoa dutelako. Giharre maxilarren gehiegizko kontrakturaren eraginez sortzen da hori. Ez du loarengan eraginik eta ez du aparteko garrantzirik, baina kontraktura oso handia bada, hagin eta hortzetan kaltea eragin dezake eta kasu horietan gauez haginetan protesia jartzea gomendatzen da. Bruxismoa oso arrunta da masail eta aurpegiko malformazioak dituzten eta hortzak ondo ixten ez dituztenen artean. Somniloquia:Lotan hitz egitea (somniloquia), hitz antzeko soinuak egitea (esaldi oso laburrak, batzuetan ulertezinak, eta zenbaitetan garrasi edo barreak) gertatzen da, baina ez du garrantzirik. 3 eta 6 urte bitarteko umeen artean ikusi ohi da batez ere. Baliteke aita-amarik kezkatienak larritzea, baina lasai egon daitezke. Ez dago umea esnatzeko edo bere gainean egoteko arrazoirik. Ume zurrungarien kasuek ere hainbat kontsulta eragin ohi dute. Loaren Apnea Obstruktiboaren Sindromea (SAOS-LAOS):Arazo hau ez da pertsona helduetan bakarrik gertatzen. Umeen artean, bi eta zazpi urte bitartekoetan izaten da ohizkoena. Pubertaroa baino lehen neskatila eta mutikoei berdin eragiten dien arren, gero kasu gehiago izaten da mutiletan. Gauez zurrunga egiten duten umeek zurrunga sarria, intentsua eta ia jarraia izaten dute. Helduen zurrunga indartsuagoa izaten da eta isiluneekin tartekatu ohi da. Umeek gainera, apnea-aldi luzeagoak izaten dituzte, arnasarik gabeko tarteak, arnasa hartzeko zailtasunak eta aho bidezko arnasketa. Egunez logure handia izaten dute. Batzuetan, gainera, portaera arazoak eta buruko mina. Kasu larrietan eta adin gutxiko umeen artean, zurrungak heldutasuna atzeratzea eragin dezake. Zurrungaren jatorria, normalean, goiko arnas-bideak estutzea izan ohi da, amigdalen hipertrofiak, adenoideek, sudurreko polipoek, ritinis alergikoak edo beste gaitzen baten eraginez airea sartzea zailtzen delako. Aldibaterako LAOSa ere gerta daiteke goiko arnas-bideetan infekzioa duten umeengan, baina infekzioarekin batera sortzen eta desagertzen da. Ume batek etengabeko zurrunga, gauez izualdiak edo arnasa hartzeko zailtasunak baditu, pediatrarengana eramatea komeni da. LAOSa diagnostikatu eta jatorria ikusi ondoren, tratamendua eraginkorra izaten da kasurik gehienetan. Amesgaiztoak:Emozio-karga txarra sortzen dute amesgaiztoen irudiek, batez ere loaldiaren azken herenean, REM deitzen den fasean, orduan baita loa arinen (horrexegatik da errazagoa amets horiek oroitzea). Gau ikarak:Eskola-aurreko adinetan agertu ohi dira, eta amesgaiztoak ez bezala, haurrek ez dituzte gogoan hartzen. Haurrak ez du irudi beldurgarririk amesten. Loaldiaren lehen faseetan sortzen dira gau ikarak, eta, dirudienez, lo sakoneko alditik lo arinagoko aldira igarotzeko garaian izaten dituzten zailtasunen ondorio dira. Haurra horrexegatik ezin da oroitu zer amestu duen eta zerk eragin dion neurri horretako arazoa. Are gehiago, gau ikara izaten dutenean, haurrek lo jarraitzen dute; begiak zabalik izango dituzte, agian, jaiki egingo dira eta etxean barrena korrika ibiliko dira oihuka eta negar zotinka, baina lo daude. Gurasoak erraz larritzen dira halako egoeretan, eta nor ez: alaba edo semea ez da ohartzen ezertaz, eta lasaitzen saiatuta ere, alferrik. Loaren arazoei nola egin aurre:Haurtzaroan loarekin izaten den edozein gorabeherari aurre hartzeko, nahitaezkoa da etxean arau egonkor samarrak edukitzea. Lotara joan aurretik, adibidez, giro ahalik eta lasaiena sortzea komeni da, haurra bera ere lasaitzen joan dadin. Haurrek maite dute zer gertatuko den jakitea, ondoren zer datorren sumatzea, horrek segurtasuna eta egonkortasuna ematen baitie. Beraz, ordutegiak arautu eta bete beharko dira. |
|||