logo katakin

CEP Catalina de Erauso LHI

HAUR ETA LEHEN HEZKUNTZA

Catalina de Erauso, 8 (20.010 Donostia - San Sebastián)

Tel/Fax: 943469825

e-mail

 

Dpto. Educación Gobierno Vasco

Ayuntamiento Donostia-San Sebastián
Instituto Peñaflorida

 

MUGAK EDO LIMITEAK

Haurra zoriontsua izan dadin, derrigorrezkoa da babestua sentitzea. Babes-sentimendua agertzeko, etxean mugak zehaztu eta ezarri behar dira, eta gurasoek tinkoak eta konstanteak izan behar dute muga horiek mantentzen. Mugak oso garrantzitsuak dira haurrarentzat; izan ere, babestuak sentitzeaz gain, segurtasuna ematen die. Muga horiek bete nahi izaten ez dituzten arren, nork agintzen duen jakitea ahalbidetzen die. Haurrarentzat oso latza litzateke inork ez duela kontrolatzen sentitzea. Era berean, arauek erakusten diote zer dagoen baimenduta eta zer debekatuta, hau da, besteekin elkarbizitzeko derrigorrezko ikaskuntza erakusten da.
Mugak jartzeagatik eta muga horiek betetzeko eskatzeagatik, haurrak ez ditu gurasoak gutxiago maitatuko. Alderantziz, guztiz: haurrak ikasiko du norberak bere erantzukizunak betetzen dituenean elkarbizitza askoz ere errazagoa izan ohi dela.
Arau eta muga argirik ez dagoenean, haurra apatiko eta pasibo bihur daiteke, edo bestela, haserrekor eta agintzaile. Mugak aplikatzean, haurren eskaeraren bati ezetz esatea da zailtasunik handiena. Mugak modu iraunkorrean mantentzeko, gurasoek, askotan, ezezkoa esan behar izaten dute eta seme-alaben zenbait eskakizunen aurrean ezin dute amore eman. Ez da errudun sentitu behar; izan ere, ezezkoek haurra heltzen eta hazten laguntzen dute. Gainera, helduak direnerako oso ikaskuntza garrantzitsua bilduko dute; izan ere, gauzak beti ez dira haiek nahi duten moduan aterako, eta hainbat frustraziori egin beharko diete aurre. Frustrazioarekiko tolerantzia haurtzaroan ikasten da, gurasoek “ez” esan, eta horri eusten diotenean. Haurrak ez baldin badu helduaren ezezkoa ezagutzen, askoz ere gehiago kostatuko zaio zoritxarrari aurre egitea, edo modu desegokian egingo du; gainera, modu antsiatsuan, depresiboan edo oldarkorrean erreakzionatzeko aukera gehiago izango du.

MUGAK APLIKATZETIK ERATORRITAKO HEZIKETA ONURAK

  • Mugek emozio-segurtasuna ematen die haurrei; izan ere, gauza berriek nahasmena sortzen diete. Pentsa dezagun nolakoak izan ohi diren eskolako lehen egunak: ez dakite zeri eutsi, desorientatuta egon ohi dira, eta beldurra eta segurtasunik eza izan ohi dute.Pixkanaka-pixkanaka, ordutegi berrietara eta ikastetxearen funtzionamendu-arauetara egokitzen diren heinean, seguruago eta fidatuago sentitzen dira.

  • Mugei esker, haurrek beren jarrera gidatzen duten orientazioa dute.

  • Gurasoek haurrei gauzak nola egin eta noraino irits daitezkeen argi esaten dietenean, haurrak seguru sentitzen dira.

  • Mugek jarrera egokiak irakasten dituzte; horretarako, mugek argiak izan behar dute eta ezin dira etengabe aldatu. Haurrek jakin behar dute beren jarrera egokia den eta arau horiek ez betetzeak zer eragin dituen.Horretarako, gurasoek seme-alabei argi esan beharko diete gauzak nola egin. Askotan, gurasoek haurrari jostailuak jasotzeko agintzen diote, gurasoak jasotzen ari diren bitartean. Hori eginez, esandakoak esan arren, jostailuak aitak jasoko dituela eta berak ez duela molestatu beharrik izango ikasiko du haurrak. Etxean ez baldin baditu jostailuak gordetzen, seguruenik ikastetxean ere ez ditu gordeko, etxean ikasitako jarrera errepikatuko baitu.

  • Mugek helduen bizitzarako prestatzen dute haurra.Haurrak ikasi behar du beti ezin duela nahi duena egin.Haurrek mugak gainditu nahi dituztenean, gurasoek jarrera tinkoa eta kontsekuentea izatea beharrezkoa da gerta daitezkeen arazoak gainditzeko. Jarrera hori oihuak edo mehatxuak egitea baino askoz ere eraginkorragoa da; horrela, gurasoen jarrera hori hartuko du haurrak eredutzat bere gatazkak konpontzeko garaian. Hasiera batean, haurtzaroan, mugak gurasoek ezarri behar dituzte, baina denborarekin, haztean eta heltzean, eurek ezarriko dituzte beren jarrera zuzentzen duten arauak. Heltzen direnean, inork ez die esan beharko zer egin; izan ere, dagoeneko ikasia eta barneratua izango dute zein portaera den zuzena eta zein ez.

  • Mugek elkarbizitzen laguntzen dute. Haurrek berehala ulertzen dute gurasoek zer kontrol edo ahalmen maila duten berengan. Esperientziaren bidez, noraino irits daitezkeen eta familiako kideen aurrean zein den beren jarrera ikasten dute. Ikaskuntza hori, oro har, agintaritza dagoen beste giro batzuetara estrapolatzen da, ikastetxera, esate baterako. Etxean muga argiak eta zehatzak irakatsi ez zaizkion haurrak honako hau galdetuko du: Noraino irits naiteke? Nork agintzen du hemen? Eta taldeko edozein antolaketatan zuzentzen diren arauekin borroka amaigabea mantenduko du. Portaera horrek jarrera-arazoak sortuko dizkio ikastetxean eta bere gelakideekiko harremanean. Haurtzaroan muga egokiak ezarriz eta muga horiek betetzen direla jarraituz, haurrari zer egin behar duen ez baldin bazaio argi uzten, ziurrenik, heltzen denean ere jarrera berbera izango du eta pertsona deserosoa, agintzailea, zorrotza eta gizarte-harremanetan oldarkorra izango da.

MUGAK ZUZEN APLIKATZEKO ZENBAIT ARAU

  • Gurasoek praktikan jartzen dituzten gauzak egiteko eta jokabidea izateko eskatu haurrei (irakurtzeko eskatu, gurasoek ere egiten baitute).

  • Jokabide egokia edo desegokia nabarmentzen denean, jokabide horren ostean ondorio positiboa edo negatiboa egotea beti.

  • Mugak erreferentzia izango dira, eta zer egin behar duen eta zer ez duen egin behar argi izaten lagunduko dio haurrari. Gurasoen aldartearen arabera aldatuko diren muga malguek segurtasunik eza eragingo dute.

  • Kontraesanak saihestu: aitak gauza bat esaten du eta amak bestea. Batzuetan zerbait onartuko da eta besteetan ez. Mugak gurasoen artean adostu beharko dira eta gurasoek elkarri agintaritza kentzea saihestu beharko dute; ondorioz, antzeko egoeren aurrean berdin jokatu beharko dute.

  • Arauak edo mugak argi eta zehatz adierazi. Etxean muga batzuk egongo dira eta haurrak jakingo du horiek betetzeak edo ez betetzeak zer nolako ondorioak izango dituen.

  • Ez ipini muga edo arau gehiegi.

  • Zorrotzegiak diren mugak ipintzea saihestu, edo jarrerei inolako muga motarik ez ipini.