IKASTEKO OHITURA
Ikasteko ohitura izatea nahitaezko urratsa da haurraren ikasteko gaitasuna garatzeko eta eskolako eginkizunetan arrakasta izango duela bermatzeko. Ohitura hori haurrak zazpi edo zortzi urte dituenean ezartzen hasten den arren, lehenago finkatu behar diren bestelako ohituren mende dago (kontzentrazioa, ordena, arreta...).
Mugak, ohikeria eta ohiturak (lo egiteko, elikatzeko, higieneari dagozkionak...) betez hazi den haurrak ez du zailtasun handirik izango ikasteko ohitura hartzeko eginkizuna agertzen zaionean. Aldiz, ohikeriarik, mugarik eta ordenarik inoiz ikusi ez duenari oso zail egingo zaio ohiturak hartzea, ikasteko ohitura, esate baterako; ohitura horrek kontzentrazioa eta arreta eskatzen ditu.
Ikasteko ohitura errepikatzearen poderioz barneratzen da. Ez da beharrezkoa haurrak etxeko lanak edo azterketak izan arte itxarotea. Haurra umetatik eginkizunen batean denbora-tarte batez kontzentratzera ohitzea litzateke onena, gaitasun hori trebatzen joan dadin.
Haurrak umetatik ohitu daitezke egunero zenbait minutuz kontzentratuta egotera, eta denbora hori pixkanaka luzatzen joan daiteke. Horretarako, oso egokiak dira marrazketa, puzzleak egitea, ipuinak, haurrentzako olerkiak, asmakizunak eta, oro har, gogoko izango dituen eta kontzentratzea eta buruz ikastea eskatuko dioten edozein motatako zereginak. Oso garrantzitsua da hasten duen eginkizun oro bukatzea.
Ikasteko ohitura hartzeko, oinarrizko lau arau bete beharko dirA:
-
Beti toki berean egin.
-
Lanerako material guztia eskura izan.
-
Eginkizun bakoitzari eskainiko dion denbora aldez aurretik planifikatu edo kalkulatu.
-
Beti ordu berean egin: astean zehar arratsaldeko lehenengo orduak, eta asteburuetan jaiki ondorengo lehenengo orduak izango dira une gomendagarrienak.
NOLA IKASI?
-
Irakurtzen dena ulertu: lehenengo, irakurketa orokorra egin (gurasoek lagun dezakete, ea zerbait ez duten ulertu galdetuz). Lehenengo irakurketa egin eta gero, haurrak gaiari buruzko ideia orokorra izan beharko du.
-
Testua bigarren aldiz irakurriko du arreta handiagoa jarriz, eta ideia nagusiak bilatzen saiatu behar du (paragrafo bakoitzean bat, normalean); gero, ideia nagusiak eta bigarren mailakoak bereiziko ditu.
-
Irakurketa horretan ideiak azpimarratuko ditu: ideia nagusiak kolore batez (berdez) eta bigarren mailakoak beste kolore batez (gorriz). Azpimarratu ondoren, normalean, gaia jatorrizko testuaren laurdena izango da.
-
Ideia nagusiak dagokien bigarren mailakoekin batera idatziko dira eta, horrela, gaiaren laburpena egingo da. Laburpen hori oso erabilgarria izango da ikasitakoa berrikusteko edo gogoratzeko, halakorik beharrezko balitz.
-
Laburpenaren eskema egin (giltzen eskema, adibidez); eskema horretan hitz gakoak baino ez ditugu sartuko. Haurrak koaderno bat izango du eskemak egiteko.
- Buruz ikasi; horretarako, nahitaezkoa izango da gaia osorik ulertu izana eta zalantzarik ez izatea. Buruz ikasteko orduan, oso baliagarriak izan daitezkeen zenbait trikimailu daude:
- Liburuko argazki eta marrazkietan arreta jartzeak testua non zegoen eta zer zioen gogoratzen lagunduko du.
- Gaia errepikatu, eskema aurrean izanik ozen irakurriz, eskemakoa esateko eskema aurrean izatea beharrezkoa ez den arte.
- Pixkanaka ikasi eta atsedenaldiak egin (buruz ikasten emandako lehenengo orduaren ondoren 10 minutuko atsedena, bigarren orduaren ostean 15 minutukoa...).
- Ikasitakoa berrikusi.
- Erregela nemoteknikoak egin (hizkuntza-trikimailuak, guk geuk gogoratu beharreko hitzen lehenengo letrak erabiliz egiten ditugunak).
NOLA ANTOLATU LANA ETXEAN?
Jarri ditugun helburuak gauzatzeko, lehendabizi etxean lana antolatu behar dugu. Horretarako, proposatutako helburuak bete behar dira, eta ordutegi batera egokitu behar da. Antolakuntzarik gabe ikastea bideetan joan eta etortzea bezala da, aurrez bide horietako zein interesatzen zaigun erabaki gabe.
Hori dela eta, iradokizun hauek aintzat hartzea komeni da:
Ordutegi bat egin
-
Ikasturte hasieran, ikasteko ordutegia izatea komeni da. Ordutegi hori finkoa izango da, eta egunero ordu berean hasiko da.
-
Oso garrantzitsua da aurreikusitako orduan hastea ikasten; ez da minutu batez ere atzeratu behar.
-
Egunero ordutegi bera errepikatzen bada, ohitura hartzen da, eta gero eta errazago egiten da hastea.
Lana antolatu
-
Aurreikusitako orduan lan egiteko eseri garenean, une bat hartuko dugu lehendabizi zer egingo dugun erabakitzeko, jarraian zer egingo dugun pentsatzeko... eta amaierarako zer utziko dugun erabakitzeko.
-
Horretarako, jarduera guztiak kontuan izango ditugu: etxeko lanak, ikasteko duguna, berrikusi behar duguna, lanak, eta abar.
-
Normalean, hobe da lan zail samarrekin hastea, gero zailenak egitea eta bukaerarako errazenak uztea.
Erabaki duguna gauzatu
-
Ordutegiari dagokionez, garrantzitsuena ordutegia betetzea da. Hala egiten ez badugu, ziur asko denbora alferrik pasatuko zaigu.
-
Ziur gerorako uztera bultzatuko gaituzten hainbat aitzakia izango dugula. Halakorik gertatzen bada, ahalegin guztia hori saihestera bideratu beharko dugu.
-
Oso garrantzitsua da xede hartu duguna betetzea. Xedeak betetzen baditugu, zoriontsu eta geure buruarekin pozik sentituko gara. Hala gertatzen ez bada, deseroso sentituko gara.
-
Zailtasunen aurrean ez da amore eman behar. Ahalegina eta gogoa izanez gero, guztia lor daiteke.
GURASOEN LAGUNTZA ESKOLAKO LANAK EGITEKO
Gurasoek haurrengan ikasteko zaletasuna eragiteko balioko duen jarrera izateak seme-alabek ikasketetan arrakasta izatea ahalbidetuko du. Haurrak gehiegi estutu eta zelatatzea eta beren lana egiteko orduan erantzukizun batzuk beren gain har ditzaten ez uztea kaltegarri izan daiteke, ikasteko ohiturarik ez izatea eta arau inkoherenteak bezain kaltegarri. Horregatik guztiagatik, gurasoek izan beharreko zenbait jarrera proposatzen ditugu. Horrela, zalantzarik gabe, haurrei ikasle lanean lagundu ahalko die. Hona hemen iradokizunak:
-
Haurrari laguntzeak ez du esan nahi bere lana egin behar dugunik; egiten duenaren aurrean interesa erakutsiko dugu eta dituen zalantzak argitzen laguntzeko prest izango gara, baina berak bakarrik egin beharko du lana.
-
Eskatu baina, era berean, adoretu bere gaitasunetan konfiantza izan dezan, betiere ahalegina egiten badu. Helburu zehatz eta errealak jar ditzan eragin, eta behar denean gogorarazi: “Irakurtzen egunero ordu erdi pasatuko duzula adostu dugu; ordu erdia igarotakoan jakinaraziko dizut, itzul zaitez zeure tokira”.
-
Bere eskola-bizitzari loturiko ororen aurreko errespetua helarazi: garaiz irits dadin, beti beharrezko material guztia eraman dezan eta materiala zain dezan arduratuko gara. Ez diogu inoiz irakasleari sinesgarritasuna galaraziko, edo ez gara irakasleari buruz gaizki esaka jardungo haurra aurrean dagoenean. Edozein zalantza edo desadostasun baldin bada, irakaslearekin hitz egingo dugu zuzenean.
-
Kritika edo kexaren bat egin behar badugu, gauzatutako lanaren kontra egingo dugu (“saiatzen zarenean, badakizu koadernoa hobeto izaten”) beti, baina inoiz ez haurraren kontra (“ondo narratsa zara”). Etiketa jakin batzuk jartzen badizkiogu, agian azkenean onartu egingo ditu.
-
Indartu (laudatu, saritu) bere lorpenak; horrek bere konfiantza areagotuko du, eta hobetzen jarraitzeko nahi handiagoa izango du.
-
Porrot txikien aurrean, bultzatu etsipenean eror ez dadin; lagundu hobetzen eta zailtasunak gainditzeko bestelako aukerak bilatzen. Errendimendu falta konpontzeko, zigorrak eta mehatxuak ez dira eraginkor izaten normalean; mesedegarriagoa izaten da ahalegina eta lorpenak indartzea (saritzea).
-
Ez alderatu beste haurrekin, ez eta neba-arrebekin ere. Alderaketarik egiten badugu, haurraren zereginak alderatu: “Duela hilabete baino akats gutxiago egiten duzu idaztean”.
-
Eskolan gertatzen denaren eta haurrak ikaskide eta irakasleekin dituen harremanen berri izan. Saiatu eskola-bizitzan eta eskolako jardueretan sartzen; horrek guztiak ikusaraziko dio haurrari zein garrantzitsua den gurasoentzat eskolarekin zerikusia duen guztia.
-
Gogoan izan haurrek beti etxean ikusten dutenaren arabera portatzeko joera izaten dutela: telebistan programa kulturalak edo dibulgaziozkoak haiekin batera ikustea, aisialdiko jarduerak egitea (museoetara edo parke naturaletara joatea), kirola egitea, gu irakurtzen ikustea eta abar. Horrez gain, eskolako lanerako duten jarrera izugarri erraztuko dugu ikasitakoa gauzatzeko aukera duten egoerak aurkezten badizkiegu, edo gauza berriak ikas ditzaten bultzatzen baditugu.
|