logo katakin

CEP Catalina de Erauso LHI

HAUR ETA LEHEN HEZKUNTZA

Catalina de Erauso, 8 (20.010 Donostia - San Sebastián)

Tel/Fax: 943469825

e-mail

 

Dpto. Educación Gobierno Vasco

Ayuntamiento Donostia-San Sebastián
Instituto Peñaflorida

 

PORTAERAK

Haurrak ez dira berezko diziplinazko sena dutela jaiotzen. Nola jokatu behar duten ulertzeko, zer egin dezaketen eta zer ezin duten egin ikasi behar dute, eta helduek irakatsi beharko diete hori. Beren jokabidearen ondorioak erakustea izango da modurik eraginkorrena (bai positiboak, bai eta negatiboak ere). Lan horren sekretua helduek ematen dituzten erantzunetan jarraitutasuna eta berdintasuna izatea izango da.
Haurrek jokabide jakin batzuk errepikatzeko edo saihesteko joera izango dute, jokabide horiek ekarriko dizkien ondorio positibo edo negatiboen arabera. Horrela, haurrak zerbait lortu nahi duen bakoitzean negar egiten badu, eta nahi duen hori berehala ematen bazaio, negar egitea eraginkorra dela ikasiko du, eta baliabide hori maiz erabiliko du. Aldiz, horrelako egoeretan haurraren negarrari ezikusi egiten bazaio, ikasiko duen ondorioa izango da zerbait lortzeko negar egitea ez dela baliagarria, eta, seguru asko, jokabide hori izateari utziko dio.

Haurren jokabideak arau eta mugen bitartez bideratu behar dira, eta ondorioen (positiboak eta negatiboak) bidez arautu behar dira, haurrak berak bere burua kontrolatzeko gaitasuna lortzen duen arte. Prozesu hori gauzatzea ezinezkoa izango da baldin haurrak ez baditu bere jokabideen ondorioak jasaten eta ez baditu ulertzen bere jokabideak ingurukoengan eragiten dituen erantzunak. Horrela, ikasiko du gauzak ez direla beti norberak nahi dituen bezala izaten, eta FRUSTRAZIOAREN AURREAN TOLERANTZIA izateko gaitasuna garatuko du. Gaitasun hori izango da ikaskuntzarik onena bere jokabidea eta antsietatea kontrolatzeko; eta, batez ere, oldarkortasuna menderatzeko.

FRUSTRAZIOAREN AURREAN TOLERANTZIA IZAN DEZAN HAURRA HEZTEKO ZENBAIT ARAU:

  • Bere gauzak besteekin parteka ditzan ohitu.
  • Akatsak egin ditzan utzi: gertatzen zaion guztiari ez diogu irtenbidea guk eman behar.
  • Gauzak lortzeko ahalegina egin behar dela ikusi behar du: zailtasunak dituzten egoerak aurkeztu behar zaizkio, eta nahi duena lortzeko zailtasun horiek gainditu beharko ditu.
  • Eskatzen duena ez eman berehala: eskaeraren eta ematearen artean utzi denbora pasa dadin.
  • Amorraldi, haserrealdi eta sumindura-erakustaldien osteko eskaerak ez bete, eta ez amore eman eskaera horien aurrean.
  • Irakatsi ingurukoak, haien iritziak, hitz egiteko txandak, besteen jostailuak eta antzekoak errespeta ditzan.
  • Ez onartu inoiz eskaera zentzugabeak, apetatsuak edo burugabeak.

Guraso askok uste dute nahikoa dela seme-alabei jarrera edo jokabide jakin batzuk alda ditzatela hitzez jakinaraztea, aldaketa horiek lortzeko. Ez da gure asmoa gurasoen eta seme-alaben arteko elkarrizketari garrantzirik txikiena ere kentzea, baina argi izan behar da mota horretako hitzezko mezuak, bere horretan, oso gutxitan direla eraginkor aldaketak lortzeko. Argi izan behar da jokabideen ondorioek (positiboak edo negatiboak) lortzen dutela, egiazki, jokabidean aldaketak eragitea.

JOKABIDE EGOKIAK SUSTATZEKO ZENBAIT ESTRATEGIA:

Sariak edo indargarriak:

Sariak aipatzen ditugunean, ez gara ari sari materialez bakarrik. Kasu gehienetan, laztan bat, musu bat edo gorespen bat askoz sendogarriagoa izango da bestelako edozein objektu baino (gozokiak, jostailua, kromoak eta abar). Inolako zalantzarik gabe, haurrentzako saririk hoberena gurasoek arreta eskaintzea da. Horixe da jokabideak mantentzeko edo desagerrarazteko ondorio ahaltsuenetako bat. Sustatu nahi ditugun jokabideak saritzeari edo indartzeari ekin aurretik, zenbait arau kontuan izan beharko dira:

  • Lehen araua: saria edo indargarria eraginkorra izango da jokabide desiragarria gertatu ondoren ematen denean. Hau da, jokabide desiragarria gertatu ostean saria ez bada berehala ematen, eraginkortasuna galduko du.
  • Bigarren araua: sari edo indargarri bat ematen dugunean, egiazki ziur izan behar dugu indargarri horrek sari balioa izango duela, edo haurrarentzat guztiz atsegina den zerbait izango dela.

Jokabide egokiak sustatzea garrantzitsua da, baina askoz garrantzizkoagoa da jokabide horiek portaera egonkor bihur daitezen lortzea. Horretarako, estrategia egokia baliatuz eman beharko dira indargarriak. Estrategia hori hiru alditan aurkeztuko da, jarraian iradoki dugun bezala:

  • 1. aldia: Haurrak jokabide egokia erakusten duen bakoitzean saritu egingo da.Esate baterako, bere jostailuak jaso ditzan nahi badugu, hasteko, jasotzen dituen bakoitzean musu bat eta gozoki bat emango dizkiogu. Jokabide hori ohiko bihurtzen hasten denean, saria batzuetan bakarrik emango da (bi egunetan ez eta hirugarrenean bai, adibidez).
  • 2. aldia: Gero eta denbora-tarte handiagoak jarri beharko dira indargarrien artean, baina indargarria erregulartasunez ematen jarraitu beharko da. Bere jostailuak jasotzen jarraitzen badu, astean behin aukera emango zaio gogoko duen film bat ikusten egongelan gurasoekin pixka bat beranduago arte gera dadin.
  • 3. aldia: Jokabide egokiak jarraitzen badu, zentzuzko denbora igarotakoan, ez da jokabidea indartuko edo sarituko denbora-tarte finkoetan, ausaz egingo da. Hirugarren aldi honetan, haurrak dagoeneko ez du jakingo noiz jasoko duen saria. Hirugarren aldi hori gainditzen denean, ohitura berri hori haurraren ohiko jokabidean sartuta geratuko dela jo daiteke.

Bukatzeko, gogoan izan behar dugu gurasoek funtsezko garrantzia dutela seme-alaben jokabide-eredu gisa. Gurasoek jakitun izan behar dute seme-alabek jokabide egokiak zein desegokiak imitatzen dituztela:

Esate baterako, beren aurrean hortzak garbitzea edo liburua irakurtzea. Halakoak egiten saia daitezen adoretu behar ditugu, eta imitatzen gaituztenean, saritu.

Aldiz, hitz egiten diegunean garrasi egiten badiegu, adierazpen desegokiak erabiltzen baditugu edo gatazkak jokabide oldarkorren bitartez ebazten baditugu, haurrek guk egiten dugun gauza bera egingo dute, eta geu izango gara horren erantzule.

JOKABIDE DESEGOKIAK MURRIZTEKO ZENBAIT ESTRATEGIA:

Estrategia horien artean ohikoenak aipatuko ditugu:

  • Indargarria edo saria kentzea: haurrari atsegin duela badakigun zerbait kentzean datza. Esate baterako, parkera joan aurretik, haurrak denbora gehiegi pasatzen du askaria jaten, arrazoirik gabe.Askaria jan arte ez garela parkera joango jakinaraziko diogu.Haurrak bere jokabidearen ondorioak ikusten dituenean, eta parkean ohiz baino denbora gutxiagoz egon dela ohartzen denean, jolasteko denbora bere jokabidearen mende dagoela ikasiko du.

  • Jokabide negatiboei ez eskaini arretarik (arrazoirik gabe negar egiten duenean, adibidez): gurasoek haurrari ematen dioten arreta dela indargarri ahaltsuenetakoa izango da teknika horren oinarria.Hala ere, teknika hori haurraren helburua gurasoen arreta erakartzea dela argi dugunean bakarrik erabiliko dugu, eta teknika aplikatzean haurrak bere buruarekin edo ingurukoekin jokabide oldarkorrik erakutsiko ez duenean soilik.
    Halaber, egoeraren erabateko kontrola dugunean baino ez dugu aplikatuko teknika (etxean gurasoak eta haurra bakarrik daudenean); inguruan beste heldu batzuk izateak teknikak porrot egitea eragin dezake.
    Teknika horretan, arrakasta lortzeko gakoa iraunkortasunean eta irmotasunean datza. Horrez gain, haurrak guk nahi dugun bezala erantzuten duen bakoitzean indargarriak edo sariak emango dizkiogu (berarekin jolastuz, arreta emanez...).

  • Eginkizun konpontzailea: haurrak berak egin duen kaltea konpondu beharko du. Adibidez, otorduan jolasten ibili bada eta zerbait lurrera bota badu, bota duena jaso dezala eta zoru-garbigailuaz garbi dezala eskatuko diogu.
    Eginkizun konpontzaile horrek, eraginkorra izan dadin, honelakoa izan beharko du: iraupen laburrekoa izango da, haurrari aldez aurretik ohartaraziko zaio bere ekintzek zein ondorio izan ditzaketen, eta bere ikaskuntzan baliagarria izango den eginkizun konpontzailea aukeratuko da.

  • Jardun gabeko denbora (gogoeta egiteko txokoa):haurra gauzatzen ari den jardueratik atera eta txoko batera eramatean datza. Txoko horretan bakarrik egongo da, eta ez du inolako jolasik ez eta distrakziorik ere izango, eta ezingo du inorekin komunikaziorik izan (aulki bat korridorean). Toki horretan izan beharreko denbora haurrak duen urte bakoitzeko minutu bat izango da, gutxi gorabehera, eta jokabide desegokia izan eta berehala eramango da txokora.

  • Zigorra: haurrak negatibotzat jotzen duela badakigun neurri bat ezartzean datza. Esate baterako, anaia iraindu duelako gogokoen duen marrazki bizidunak ikusten ez uztea.

Nabarmendu behar da aurrerago aipatutako jokabidea aldatzeko bestelako teknikak (sariak edo indargarriak ematea, adibidez) eraginkorragoak direla zigorrak baino. Hala ere, azken aukera hori hautatzen denean, nolabait eraginkorra izan dadin, kontuan izan beharko dugu honako hau:

-Zigorra jokabide desegokia erakutsi eta berehala jarriko da. Denboran atzeratzen diren zigorrak ez dira eraginkorrak, eta ez dute ezertarako balio beteko ez diren zigorren mehatxuak.

-Zigorra jokabide desegokiaren araberakoa izango da. Gero eta larriagoa izan jokabidea, orduan eta zorrotzagoa izango da zigorra.

Atal hau bukatzeko, nabarmendu behar dugu zigor fisikorik ez jartzea irmoki aholkatzen dugula. Frogatuta dago zigor fisikoa ez dela eraginkorra hezteko orduan, eta ez duela balio jokabide desegokiak betiko desagerrarazteko. Horrez gain, horrelako zigorrak jasaten dituenarengan jokabide oldarkorrak sustatuko ditugu, eta haurrak jokabide oldarkor hori aterako du, goiz edo berandu. Ondorio gisa, kontuan izan beharko dugu indargarriak nahiz zigorrak bidezko neurrian erabili beharko direla, hezkuntza prozesuan halakoak erabiltzeak baliagarri izaten jarrai dezan. Baliabide preziatutzat jo behar ditugu, eta neurriz eta proportzionaltasun zentzu handiz erabili beharko ditugu. Esate baterako, haur bati gozokiak egunero ematen badizkiogu, oso zaila izango da gozokiak sari gisa erabiltzea. Era berean, haurrari egingo diogun laudorio kopurua berak egin duen ahaleginaren araberakoa izango da. Edozein gauza dela eta goresten bada, edo gehiegizko goraipamenak eta arreta eskaintzen bazaio, haurrak ikasiko du ahalegin txikia eginez eta gogor saiatuz sari bera izango duela. Hortaz, ez du ahaleginik egingo. Halaber, beti agerian utzi beharko da indargarriak edo sariak kausa argi eta zehatzetan emango direla beti.