logo katakin

CEP Catalina de Erauso LHI

HAUR ETA LEHEN HEZKUNTZA

Catalina de Erauso, 8 (20.010 Donostia - San Sebastián)

Tel/Fax: 943469825

e-mail

 

Dpto. Educación Gobierno Vasco

Ayuntamiento Donostia-San Sebastián
Instituto Peñaflorida

 

CATALINA DE ERAUSO NOR OTE?

Catalina de Erauso Donostian (Gipuzkoa) jaio zen, 1592. urtean. Gazte-gazterik, lau urte zituenean, Donostiako Antiguo komentu domingotarrera sartu zuten. Bere hiru ahizpak ere bertara sartu zituzten, eta han izan ziren hil ziren arte. Hala ere, Catalinak botodun moja batekin izan zuen liskarra medio, komentutik ihes egin zuen, oraindik nobizia zela eta botoak egiteko denbora gutxi falta zitzaiola.

Hurrengo hilabeteetan Gasteiz, Valladolid, Bilbo eta Lizarran ibili zen. Lizarratik Donostiara jo zuen, komentutik ihes egin eta hiru urtera. Denbora hartan guztian, berez gizonezkoenak ziren lanbideak gauzatu zituen, Frantzisko Loiolakoa izenpean (dirudienez, ez zuen oso itxura femeninoa, eta horrek iruzur egiten laguntzen zion). Handik gutxira Sanlucar de Barramedarantz jo zuen, eta han osaba Esteban Eguiñorena zen eta Amerikara joatekotan zegoen itsasontzian itsasmutil joan zen.

Mundu Berrian, lehenengo helmuga Araya (Venezuela) izanMiramar Parkea zen. Handik Cartagena de Indiasera joan zen, eta zortzi egun eman zituen bertan, Eguiño kapitainaren zerbitzura. Gero Nombre de Diosera (Panama) igaro ziren. Itsas armada Amerikako meatzeetako zilarrez beteta zegoenean, eta Espainiara itzultzeko ordubete inguru falta zenean, Catalinak osaba Eguiñori 500 peso lapurtu zizkion eta ontzitik lurrera jaitsi zen. Panaman eman zituen zenbait hilabete, dirua gastatu bitartean. Gero, Trujilloko (Peru) merkatari batekin lanean hasi zen. Hiri hartan, gizon bat hil zuen doluan eta, horren ondorioz, Liman betiko geratzera behartu zuten. Handik zenbait hilabetetara, soldadu gisa izena eman zuen eta Concepcionera (Txile) abiatu zen konpainia batean.

Aparteko inguruabar baten ondorioz, gainerako gizonetatik bereizi zuten, Txilera iritsi eta berehala: bere neba Miguel gobernadorearen idazkari zen garai hartan, eta Catalina non zegoen jakin zuenean, bere konpainiara eraman zezaten bitartekotza egin zuen, eta ia hiru urtez egon zen han. Catalinak ez zion anaiari inoiz esan neska zenik, ez eta egiazki nor zen ere. Araukaniar indiarrekin izan zituen ondoz ondoko topaketetan, kemen ausartegia erakutsi zuen, Alferiz maila ohorez eskuratzeraino; izan ere, horregatik da ezagun, batez ere. Catalina jolas-liskarretara zaletu zen, eta halako liskar batean bi gizon hil zituen. Lehenagoko eta geroagoko antzeko hainbat kasutan bezala, justiziari ihes egitea lortu zuen orduko hartan ere, eta tenplu bateko aterpe sakratuan babestu zen. Handik zenbait hilabetera, gaueko eraso batean, doluan aurre egin zion ezezagun bati, eta hil egin zuen, baina, ezustean, bere anaia Miguel zen hil zuen hura. Minduta, noraezean ibili zen Tucumanen, Potosin, Platan, Charcasen, Piscobamban, berriz Platan, Cochabamban, La Pazen, Cuzcon, Liman, El Callaon, Guamangan eta Huancavelican. Harat-honat ibiltze hartan bi izen erabili zituen: Pedro de Orive eta Alonso Diaz Ramírez de Guzman.

Oso itxura femeninoa ez izateak bere iruzurra mantentzen lagundu zion Catalinari.

Catalina de Erauso

Donostian, Catalina de Erausoren oroimenezko bustoa. Atzean, Miramar Jauregia, leku horretan bertan komentu domingotarrera  aurkitzen zen.

Etengabe gauzatzen zituen gaiztakeriek eta bere izaera liskarzaleak lana erraztu zieten agintariei, atzetik baitzituen. Guamangara itzuli zenean, eta atxilotzeko zorian zenean, anaia Agustin de Carvajal apezpikuaren babesa izan zuen. Apezpikuak Moja Alferiz hark sekretu guztiak aitor zitzan lortu zuen, eta haren istorio sinesgaitzak txundituta utzi zuen. Orduan, apezpikuak Guamangako Santa Klara Komentura sartu zuen, zegokion abituarekin. Bitartean, berria hirian zabaldu zen, eta herritarrak berehala pilatu ziren komentuaren ondoko kaleetan, aparteko pertsonaia hura ezagutzeko itxaropenarekin. Handik bost hilabetera, Catalinari hainbat aholku eman eta hainbat moduz lagundu ostean, Carvajal apezpikua hil zen. Gertakariaren berri Liman izan zutenean, hiriko apezpiku Bartolome Lobo Guerrerok Moja Alferiza hara lekualda zezaten agindu zuen. Han hartu zuten, eta abegi ona egin zion Francisco de Borja erregeordeak ere. Hurrengo ia bi urte eta erdian Peruko hiriburuko Santisima Trinidad komentuan bizi izan zen, Espainiatik mojak han jarraitzeko debekua iritsi zen arte, Catalina botodun moja ez zelako. Penintsulara itzuli behar zuela erabaki zuten, eta berriz zibilen arropa jantzita, Tomas de Larraspuru jeneralaren armadan ontziratu zen. Cadizera eraman zuten 1624an, eta bidaian beste aizto-jaurtiketa batean parte hartu zuen, jolasean sortutako norgehiagoken ondorioz.

Catalinak hala eskatuta, Espainiako errege Felipe IV.ak zortziehun ezkutuko errenta-pentsioa eman zion. Horrela, Erromara joan zen. Han Urbano VIII.a aita santuak hartu zuen, eta gizonez jantzita bizitzen jarraitzeko baimena eman zion. Italiako printze eta kardinalek harrera ona egin zioten han izan zen hil eta erdian. 1626ko uztailean Napolira joan zen. Ordutik aurrera, Catalinaren bizitzari buruzko  informazio eskasa dugu: 1630eko uztailean Sevillan izan zen. Handik gutxira Mexikora joan zen, eta han eman zituen bere bizitzako azken hogei urteak. Salgaiak garraiatzeko negozioan jardun zuen han. 1650ean hil zen ontzi batean zama garraiatzen ari zela, denbora luzean Antonio de Erauso izena erabili ostean.

Catalinak liburu bat idatzi edo diktatu zuen bere oroitzapenekin, eta handik hainbat urtera argitaratu zen (1829) Parisen. Gero, hainbat hizkuntzatara itzuli zen, eta gai haren hainbat bertsio egin ziren, besteak beste, Thomas de Quinceyk idatzi zuena eta ospetsu egin zena.